BUSTURIALDEKO HITZAN: Sara Nicholson -“Gerizpetatik 11 izpi” proiektuko kidea. “ENTZUTEN EZ DITUGUN AHOTSAK ERDIGUNEAN JARRI GURA DITUGU.

Gernikatik Mundurak ‘Gereizpetatik 11 izpi’ proiektua jarri du martxan, parte hartze prozesuetan jasotzen ez diren gereizpetako herritarren bizimoduak eta errealitateak erdigunean jartzeko.

2021.01.22. Ane Maruri

Gernikatik Mundurak herritar kritikoagoak sortzen laguntzeko helburuagaz Gereizpetatik 11 Izpi. Sumando voces silenciadas a las narrativas de vida proiektua jarri du martxan. Hegemoniatik aparte dauden ahotsetan arreta jartzea du helburu, gereizpetan dauden herritarren errealitatea ezagutzeko, biltzeko, aztertzeko eta zabaltzeko.

Proiektua Gernika Gogoratuzek eta Gernikatik Mundurak burututako Gatazka Egoeran Dauden Lurraldeak proiektuaren ondorioetatik sortu da. Tolima (Kolonbia), Cabo Delgado (Mozanbike) eta Urdaibaiko (Euskadi) bizi erronka eta alternatibei buruzko ikerketa egin zuten, gaitasun kolektiboak indartzeko eta eredu hegemoniko neoliberal eta patriarkalei aurre egiteko. Prozesu parte-hartzaile honetan pertsona eta kolektibo anitzek parte hartu zuten arren, izandako gabezien artean, normalean entzuten ez diren ahotsengana hurbildu eta horiek ere entzun behar zirela ondorioztatu zuten. Narratiba horiek sendotzeko gereizpetan daudenen ahotsak entzutea “ezinbestekoa” dela dio Nicholsonek.

Zertan datza proiektuak, eta zeintzuk dira helburu nagusiak?
Urdaibain eta Kolonbiako Toliman bultzatu dugun ikerketa da. Helburua da lurraldean dauden bizimodu anitzengana hurbiltzea, entzutea, ezagutzea, elkarrekin hausnartzea eta, batez ere, gizarte kritikoago eta inklusiboago bat sortzea. Izan ere, ulertzen dugu gure lurralde eta bizi ereduak hainbat eragin inposatuetatik sortzen dira. Gure lurraldeak perspektiba heterosexual, heteronormatibo, patriarkal eta arrazista eta klasista batetik eraikita daude. Hala, prozesu parte hartzaile bat sortu gura dugu, non hegemonikotasun horretatik kanpo geratzen diren pertsonak parte hartu ahal duten, eta horrela lurraldeari buruz eta bizi eredu duinei buruzko narratiba bat sortzea. Urdaibain eta Toliman entzuten ez ditugun ahotsak entzun eta horien errealitatea erdigunean jarri gura dugu.

‘Gatazka Egoeran dauden Lurraldeak’ proiektua da abiapuntua.
Bai, 2019an amaitu zen proiektu hori, eta orain bigarren fasean gaude. Baina ondorioak atera genituenean ohartu ginen inklusibotasunari arreta handiagoa jarri behar geniola, eta normalean entzuten ez diren ahotsengana hurbildu behar ginela. Hainbat ahotsetara heldu ginen, parte hartze prozesu bat bultzatu genuen, baina autokritika egin eta ikusi genuen bazeudela landu barik geratu ziren errealitateak. Desikasten, ikasten eta sortzen joatea da asmoa. Orain landuko ditugun ahotsak beti proiektuen parte izatea da asmoa, ez izatea gehigarri bat. Hala ere, ulertzen dugu, proiektuen parte izateko gu ere trebatu egin behar garela, eta horretan gaude.

Beharrezkoa da hegemonia orokorretik kanpo dauden ahotsak jasotzea. Euren errealitatea ezagutzeko beste aspektu batzuk lantzea dakarrelako.
Biktimizatu eta erromantizatu barik, onartu egin behar dugu zentrotasunetik kanpo geratzen diren bizipenetatik eta esperientziatik alternatibak sor daitezkeela. Eta horrek gizarte eredu bat eraikitzerakoan lagundu ahal gaitu. Gure asmoa ez da bakarrik entzun eta hortik gaiak jorratzea: kolektibotasuna sortzea da asmoa, ahalmen kolektibo hori sortzen jarraitzea.

«Esanguratsua da ikustea zenbat diren ezagutzen ez ditugun errealitateak»

Gereizpetako kolektibo horien artean, norekin egin duzue lan? Zeinen iritziak jaso dituzue?
Lanketa sakona izan zen norekin lan egin behar genuen erabakitzea. Ez zen lanketa erraza izan. Izan ere, zelan definitzen ditugu gereizpeak? Zein irizpide hartzen ditugu kontutan? Azkezapalkuntza eredu hegemonikoak kontuan hartuta hasi ginen lanean, generoa, sexu orientazioa, klasea, arrazakeria eta inmigrazio prozesuen begiradatik. Hala ere, jendeagaz berbetan goazen heinean, konturatzen joan gara beste irizpide batzuk ere badaudela eta horiek lantzen gabiltza. Kontuan izan ditugu baita ere aniztasun funtzionala duten pertsonak, baina onartu egin behar dugu gauza horiek lantzeko prestakuntza bat behar dugula. Eta badakigu zaindu egin behar ditugula lantzen ditugun taldeak. Eta zaintzeko, jakin egin behar da zaintzen. Gernikatik Mundurak urte askotako harremana du Ideasurregaz, eta euren parte ez diren etorkinekin ere. Hortik hasi gara.

Zein fasetan dago proiektua?
Hainbat elkarrizketa egin ditugu lurraldean erreferenteak diren pertsona batzuekin, lurraldea ezagutzen dutenik. Eta hortik informazio eta kontaktu asko lortu ditugu. Kontaktu horiekin harremanetan jarri gara, eta ikusi dugu nork gura duen horrelako proiektu batean parte hartu. Hau da, lurralde kontzientzia izanda, gure prozesu pertsonal eta kolektiboei buruz berbetako eta narratibak konpartitzeko asmoa dutenak aurkitu ditugu. Zelan bizi dugun gure gorputza, herria, auzoa eta zelan gustatuko litzaigukeen bizitzea aztertu ditugu, betiere lurraldean eta duintasunean pentsatuta. Hortik abiatuta, zein prozesu egin gura dugun aztertu gura dugu.
Momentuz, elkarrizketa batzuk egin ditugu zortzi-hamar pertsonagaz; besteren artean, mankomunitatekoekin, mugimendu sozialistakoekin edota lanbide ekimenekoekin egon gara. Konstziente gara errealitate batzuetara oraindik ez garela heldu, baina nahi dugu. Baserri mundura hurbiltzen gaude, emakume eta gazte baserritarrengana. Pausoz pauso gereizpeetara hurbiltzen ari gara.

Busturialdean zelako izan da parte hartzea?
Elkarrizketa batzuk eginda, orain hasiko gara prozesu parte hartzailea gehiago garatzen. Orain, gure asmoa da pertsonak kontaktatzea eta elkartzea, zelan edo halan. Hurrengo pausoak dira elkartzeko espazioak sortzea eta pentsamendu eta sozializazioaren laborategi bat eraikitzea. Zelan bizi garen eta gure ongizate eredua zein den aztertu gura dugu. Guk uste dugu ongizatea ez dutela instituzioek definitzen, guk geuk definitzen dugula. Gereizpetan daudenek kritikotasunetik definitutako ongizatea zein den ikusi gura dugu. Zelan definitzen dugu hori, zelan gaude eta zein prozesutan aurkitzen dugu gure kolektibotasuna. Hori da aztertuko duguna, baita zelan lagun dezakegun horretan ere.

Busturialdean eta Kolonbian egin dituzue elkarrizketak lurraldeko bakoitzeko herritarrekin.
Proiektua Busturialdeak eta Kolonbiako taldeek bultzatu dugu. Baina, taldeak banatuta daude. Gernikatik Mundurakoak gara Busturialdeko bidelagunak. Hala ere, bi lurraldeetan hainbat eremuko jendea dago lanean: esperientzia handiko ikertzaileak, aktibistak, ikasleak, langileak… Guretzako garrantzitsua da taldea ere anitza izatea, begirada hegemonikoak saihesteko. Gu geu ere ikertzaile eta ikertuak izan behar gara. Ez gara ikertutako objetuak izango, baina hegemonia saihesteko neurrietako bat da hegemonia horren parte ez izatea. Lurralde batek duen aniztasuna taldean sartzen ahalegintzen gara.

Zer ari dira aztertzen Kolonbian?
Azken urteetan, Kolonbian Cajamarcako herriko nekazari eta bestelako mugimenduak antolatuta egon dira, Kolosa izeneko meategiaren kontra egiteko. Eta herri kontsulta bat eginda, lortu zuten hori atzera botatzea. Baina gaur egun bestelako arazoak daude mahai gainean; besteren artean ahuakatearen monolaborantzaren esportazioa. Hori eta herrian sortzen diren botere harremanak lantzen ari dira. Izan ere, han ere kolektibo batzuk kanpoan geratzen dira halako prozesuetan, ez dira kontutan hartzen, nahiz eta euren jardun eta iritzia garrantzitsua izan. Euren artean gazteak daude. Aztertzen dabiltza, baita ere, landa eremuan bizi diren emakumeen bizimodua. Euren isolamenduari eta euren antolatzeko alternatibei buruz hitz egiten ari dira. Izan ere, askotan euren artean antolatzen dira eta hortik asko ikas dezakegu. Halaber, lan eskubiderik ez duten nekazari jornalarien iritziak jasoko dituzte. Errealitate hori nahiko handia da han, eta proiektuagaz euren zeresanak batu, errekonozitu eta ikasketa batzuk bultzatu gura dituzte. Horren lanketa egitea oso garrantzitsua da elkarbizitza sortzeko.

«Eskubiderik ez duten nekazari jornalarien iritziak jaso dituzte Kolonbian»

Zer lortu gura duzue proiektuagaz?
Proiektua prozesu bat da, bi herrialdeetan burutzen ari garena. Bakoitzak bere prozesua dauka, eta bakoitzak erabakitzen du zeintzuk diren euren lurraldeko gereizpeak, baina biok dauzkagu helburu berdinak. Prozesu honetatik elementu berak lortu gura ditugu, lurraldean eragina izan dezaketenak. Elementu horien artean, bideo bat eta elementu artistiko bat egitea pentsatu dugu, baita eskoletan lantzeko unitate didaktiko bat ere. Eskoletan lurraldean dagoen aniztasuna landu gura badute, bide hori erraztu gura diegu proiektuagaz. Garrantzitsua da gaztetatik ezagutzea eta balioan jartzea euren inguruan dagoen errealitatea zein den. Oinarrizkoa da gereizpeak identifikatzea. Izan ere, lurralde batean beharrezkoak diren pertsonak dira, beharrezko lanak aurrera eramaten dituztenak. Normalean gutxien baloratzen diren lan esparruak izaten dira. Zentralitate hegemoniko horretan baloratuta ez daudenak dira, baina gure bizitza mantentzeko benetan beharrezkoak direnak. Horiei aurpegia eta historia jartzea, eta errealiate hori gaztetatik lantzea herriaren edo lurraldearen begirada anitza garatzeko modu bat dela uste dugu. Baita euren lana balioan jartzeko ere.

Orain arteko esperientzia zelakoa izan da?
Desikaskuntza eta ikaskuntza prozesu bat izaten ari da. Zerbait proposatu eta herriak egiten du berba. Batzuetan zerbait proposatzen dugu, eta bestelako kontuak aurkitzen ditugu. Esanguratsuena da ikustea zenbat diren ezagutzen ez ditugun errealitateak, eta zelako garrantzitsuak diren euren jardunak. Ikusi dugu zahartzaroaren bakardadea zelakoa den, baita baserritarren bizi eredua zein gutxi zainduta dagoen ere. Gazteei ere erreparatu diegu, eta euren sexualitatea zelako ausardiaz definitzen duten ikusi dugu. Prozesu migratzaileen indarra eta arrazakeria salatzeko ezagutzen ez ditugun zenbat alternatiba dauden ere ikusi dugu. Horiek eta gehiago ezagutzea oso garrantzitsua da. Askotan munduan injustizia asko dagoela esaten dugu, baina ez gara konturatzen gure auzoetan zelan bizi diren. Eta gure lurraldean zelako bizimoduak dauden.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: